Prentsaurreko jendetsua analitiken inguruan

Kazetari eta hedabide ugari etorri da gaur eguerdiko prentsaurrekora. Eliseo Gilek, Patxi Alañak eta Juan Martin Elexpuruk irakurri dute agiria. Koenraad van den Driescche geokimikariak IPCEren txostenaren zenbait alderdi jorratu ditu irudien bidez. Idoia Filloyk hainbat azalpen eman ditu ondorengo solasaldian. Gaztelaniazko bertsioa. Eta euskarazkoa:

Instituto del Patrimonio Cultural de España (IPCE) erakundeko laborategiaren txostena zentzunaren eta arkeometriaren aurkako erasoa da

2009ko urrian, Lurmenek epaitegiari eskatu zion Iruña-Veleiako grafito eztabaidatuak Arkeometrian izen handia duen atzerriko laborategi batean azter zitezela. 2010eko apirilean Gasteizko Epaitegiak Guardia Zibilari eskatu zion analisiak egitea. Urtebete igarota, Guardia Zibilak erantzun zuen ez zuela gaitasunik eta bitartekorik horrelako lan baterako. Geroago, epaitegiak Ertzaintzari eskatu zion lan bera. Handik bi hilabetera erantzun berbera jaso zuen. 2012ko uztailean, eskaera bera egin zion epaitegiak Instituto del Patrimonio Cultural de España (IPCE), Espainiako Kultura Ministerioaren erakundeari. Erakunde honek 2012ko urrian jaso zituen analizatu beharreko materialak.

Urtebete baino gehiago igarota, erakunde horren laborategiak idatzitako txostena irakurri ahal izan dugu. Bertan esaten da aztertutako 39 grafitoetatik 35 berriak direla. (Gogoratu behar da 450 inguru direla grafito eztabaidatuak).

Hori dela eta, txostena zehatz-mehatz aztertu ondoren, ondorengoa adierazi nahi dugu:

1.- Azken sei urte hauetan piezak, nahita edo nahi gabe, aldaketak jasan dituzten susmo handiak ditugula.

2.- Azterketa analitikoa piezen gainazalari bakarrik egin zaiola, eta gainazalean gelditu ohi direla piezak aurkitu eta gaur arteko manipulazio guztien arrastoak (garbitzean, marraztean, aztertzean eta abar sortuak, eta baita eragin litezkeen beste batzuk ere), eta, jakina, erabilitako tresnenak era bai. Gainazalaren azterketak manipulazio horien berri emango digu, baina ezingo du  erabaki grafitoak benetakoak diren ala ez.

3.- Lurmen izan zela, kereilatutako parte gisa, Epaitegiari azterketa analitikoak egitea eskatu ziona, gaia behingoz erabakita geratu zedin benetakotasun/faltsutasun auzian. Lurmenek froga erabakigarriak egitea eskatzen zuen; esate baterako, oraindik zenbait grafito estaltzen dituzten geruzen azterketa kimikoa egitea, eta hezurrezko eta adreiluzko grafitoak analizatzea. Baina horrelakoa azterketarik ez da gauzatu, eta hezurrezko eta adreiluzko piezarik ez da laborategira eraman ere egin.

4.- Gure ustez, gainazalaren azterketara mugatzea oso larria da erabakigarria izan nahi duen auzi judizial batean. Izan ere, Iruña-Veleiako kasuan ez dira kontuan hartu arkeologoek materiala prozesatzerakoan  (garbitzerakoan)  uzten dituzten arrastoak, eta ezta jende askoren eskuetan ibili izana Lurmenek Museoan utzita gero ere, eta zer esanik ez, auzia epaitegietan dagoenetik.

Gure ustez, ez da egon materialen zaintza katerik azken sei urtean. Grafitoak kereila jarri duenaren eskuetan egon dira, epaitegian ondo gordeta eta prezintatuta egon beharko zutenean. Hori dela eta, Batzordekideez gain, grafologo talde baten eskuetan ibili dira, eta Batzordearen eta Foru Aldundiaren tesiekin bat datozen beste askoren eskuetan ere bai, aurreko kultura diputatuak parlamentuan esandakotik ondorioztatzen den bezala. Gure iritziz, zaintza katerik ez egote hau ulertezina da edozein justizia sistematan, eta nahikoa arrazoi izan beharko luke auzia bertan bera uzteko babesik ezagatik.

5.- Laborategiak dio hogei bat metal moderno aurkitu dituela grafitoetan, eta hori faltsutasun seinale dela. Ondorengoak aurkitu omen ditu: burdina, altzairu herdoilezina (manganesoa, kromoa, níkela, banadioa edo molibdenoa omen duena kopuru ezberdinetan), beruna, zinka, alpaka, letoia, urrea, zilarra, eztainua, kobrea eta kuprita. Honek esan nahi du ustezko faltsifikatzaileak 20 bat erreminta ezberdin erabili dituela 35 pieza grabatzeko. Esan beharrik ez, guztiz sinestezina dela horrelako gauza bat, eta are gehiago kontuan hartzen badugu metal horietako batzuk ez direla grabatzeko egokiak, zinka, beruna, kuprita edo urrea, adibidez.

Material hauek piezen azalean aurkitu direnez (ez kostren azpian), eta kontuan izanda material hauek zenbat esku eta erreminta ezberdin ezagutu dituzten, arrasto horien presentzia klabe horretan ulertu behar litzateke eta sekula ere ez faltsifikazio seinale gisa.

Gainera esan behar da metal arrasto hauek euskarrien gainean ere aurkitu dituztela, eta inork ez duela zalantzan jartzen euskarriak antzinakoak direla. Halakoetan laborategiak esaten du testuinguruz kanpo daudela (hau da, geroagokoak direla). Orduan zergatik ematen zaie beste interpretazio bat grafitoaren barruan agertzen direnean?

Eta beste gauza bat, Batzordeko kide izan zen Madariaga irakasleak egindako txosten analitikoak (IPCEk aztertutako lau pieza daude haren zerrendan) ez du esaten ildoetan inolako metal modernorik aurkitu duenik; bai, ordea, burdina herdoildua eta beste metal batzuk. Noiztik daude orduan metal guzti horiek piezen gainean, 2008an EZ BAZEUDEN eta orain, aldiz, IPCEk aurkitzen baditu?

6.- Laborategiak ez du entzun nahi izan Lurmenek hezurrean eta adreiluan egindako grafitoak analizatzeko eskaria. Aztertzen errazenak dira hauek, eta guztiz erabakigarriak benetakoak/faltsuak auzian. Izan ere, freskoan grabatuta daude eta euskarriak erromatarren garaikoak dira zalantzarik gabe (hau erraz eta merke froga daiteke nahi izanez gero, hezurrei Karbono 14 azterketak eta adreiluei termoluminiszentziakoak eginda). Eta euskarriak benetakoak badira, grafitoak ere bai.

7.- Laborategiak faltsifikazio frogatzat hartzen du ildoetako metal arrastoak herdoildu gabe egotea. “La ausencia de alteración (oxidación) permite señalar un origen reciente para las mismas” errepikatzen du behin eta berriz. Kontuan izan behar da Lurmenek material guztia garbitu zuela, eta urak, hezetasunak metala herdoildu egiten duela. Beraz, ez baldin badago herdoil arrastorik IPCEk aurkitutako metal modernoetan, honek garbi adieraziko luke aztertutako grafitoen gainean agertzen dena garbiketa baino beranduagokoa dela. Gure iritziz, duela gutxi egindako manipulazio baten seinalea litzateke, eta inolaz ere ez faltsifikazioarena.

8.- Laborategiak faltsutasun irizpidetzat darabil honako hau ere:  “Grafitoak benetakoak izateko letren eta marrazkien ildoek ez dute lurpean zeudelarik sortutako kostrarik edo geruzarik apurtu behar”. Baina nola bereizten da grafitoa grabatzerakoan hautsitako kostra bat (faltsutasun seinalea, duela gutxi egindakoa dela frogatzen bada) eta arkeologoek pieza garbitzerakoan ildotik kendutako beste bat, azpian zer jartzen duen jakin ahal izateko? Txostenak ez dio honi ere erantzunik eskaintzen. Baina hala ere bere interpretazioa ematen du, materialak prozesatzeko modua eta arkeologoek esandakoa aintzat hartu gabe. Laborategiaren irizpideari jarraitzera, Bibat-en daude grafito guztiak faltsuak izango lirateke kostrarik ez dutelako ildoetan.

9.- Laborategiak dio duela gutxiko betelanak direla ildoetan ikusten diren kostrak eta hondakinak; eta hori mikroskopio bidezko ikusketa soilean oinarrituta, ez baitute hondakin hauen azterketa kimikorik egin. Gure ustez,  inolako oinarri analitikorik eta zientifikorik gabeko baieztapena.

10.- Esandakoagatik, auzia artxibatzea eskatuko dugu, guztizko babesik eza dela eta, grafitoen zaintza-katea hasiera-hasieratik hautsita egon delako.

Aipaturiko arrazoiengatik eta bere garaian azalduko ditugun beste batzuengatik, seriotasunik gabea eta onartezina irizten diogu IPCEren txostenari, eta 2009ko gure agirian eginiko exijentziak berresten ditugu

1) Piezek hasierako egoeran  jarraitzen dutela konproba dadila.
2) Grafitoen analisi eta ikerketa zientifiko berriak egitea agin dadila (“… atzerriko arkeometria laborategi on batean” gehitzen dugu orain).
3) Parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela aurrez seinalatutako lekuetan.

Beharrezkoa ikusten dugu, baita, Lurmenek eginiko lanaren auditoria egitea, eta baita EHUko Arkeologia Sailak hondeamakinaz eginiko “langintzarena” ere.

Lurmen auzipetzeko eta grafitoen faltsutasuna abalatzeko beste saiakera baten aurrean gaudela pentsatzen dugu, oraingoan ustezko argudio zientifikoak erabilita, begi-bistakoa denean txosten analitikoak ez duela ez bururik eta ez hankarik.

Lurmen, SOS Iruña-Veleia, Euskararen Jatorria

Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 31n

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

2 erantzun Prentsaurreko jendetsua analitiken inguruan-ri

  1. Pingback: Ostraka euskalduna » Blog Archive » Prentsaurrekoa eta agiria. JM Elexpuru

  2. egilea: Aitor

    Zuek azalpenak entzuteko irrikitan nengoen eta tira, abiapuntua “Azken sei urte hauetan piezak, nahita edo nahi gabe, aldaketak jasan dituzten susmo handiak ditugula.”

    Aitxaki farregarria iruditzen zait eta azken batean nahi duzuena nahi duzuen arte erabiltzeko komodin galanta. Zuei arrazoi emanez gero ondo eta bestela susmoak ditugu gordeta egon diren bitartean aldkaketak eman direla….Epaileak imaginatzen dut, baduela “protokoloren bat” eta bermea afera hasi ondoren piezak ondo gordeak zirela baieztatzeko.Betela, zuen argudioarekin euskaldunak beti libre geratu beharko zuten Audientzi nazionalean….

    Baina urrutiegi joan zarete, eta nola onartuko duzue bada iruzurgileei kriston babesa eman diezula?. Zuek nahi edo nahi ez, benetakoak diren emaitzarekin amaitu behar duzue afera hau, bestela zuek zeuok pasatuko zarete historiarel iruzurgile. Beraz, zuen alde edo zalantza jarriko duzue beti.Dena den borobila ixten ari da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude