OINETAKOAK

Oinetakoen hiria omen da Arnedo. Denda, garaje eta antzerako espazio erraldoietan zabaltzen da oinetakoen paradisua. Etxeko lau erreginek udaberrian ez ezik, udan ere Errioxa aldeko zapata eta sandaliak jantziko dituzte.  Zapatak kartoizko kaxetan ekarri  genituen Oñatira; geure automobila maletazain aparta bada ere, itolarrian egonagatik ez zen haren ahotik kexarik atera. Gaur, atez atekoak papera eta kartoia ateratzera gonbidatzen gaituenez, gaitzerdi. Arnedotik gertu dagoen Carrascal izeneko artadi zabal batean izan nintzen balizak bilatzen; lan polita burutu nuen  horren argia ez den inguru ederrean. Serenata arrotzik gabe, nahastu gabe.

Contadorren garaipenak jasoko zuen agian serenata baten  pareko abestirik. Markinan bukatu zen Euskal Herriko itzulia eta Markinan jantzi zioten txapela Pintoko txirrindulariari. Txapelaz gain bedeinkaturiko erramua emateko ahaleginen bat ere izango zen agian; asteburuan izan baititugu bata bestearen atzetik erramu zapatua lehenengo eta domekakoa  ondoren.  Bedeinkatuta gelditu zen ere, Josu Zubiaren lan berria ostiralean. Bertaratzeko ahalegina egin banuen ere, Txantxiku Ikastolaren egunaren baitan antolatutako ikuskizunean izan nintzen alabei so. Kantu, antzerki eta antzerakoek alaitu zuten Zubikoa pilotalekua.

Gure Esku Bidea lelopean egingo den giza katearekin bat eginez, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Adierazpena sinatu zuten Arrasaten.  800 lagun inguruk eginiko giza kate batek bete zuen jendez herriko Alde Zaharra. Eta katearen faltan bozkaz hartu dute  erabakia etxarri aranaztarrek ; Euskal Herriaren independentziari buruzko lehendabiziko herri galdeketa izan da; emaitzetatik haratago, benetako ariketa demokratiko bat erakutsi nahi izan du Sakanako herriak.

Ariketa akrobatikorik ere izan da asteburuan. Arrasaten giza kateak egiteko modu ezberdinak daudela erakusteko nahian edo, Castell delako bat eraiki zuten plazan. Pertsonez  eginiko egitura hauek Kataluinako kulturaren adierazgarri dira eta jendetza bildu zen horren ikuskizun ederra ikusteko. Eta Castells delakoak metroak goruntz egiten dituzten bezalaxe, Londoneko maratoian kilometraoak irentsi dituzte lotsagabe Keniako korrikalariek; irteerako marran antzematen zen oilategiak oilar harro bakarra eraman zuen helmugaraino. Gainerakoek kilometro guztiak egin bazituzten ere, besteren baten orraztu beharko dute gandorra.

Ebanjelioa poz iturri omen da. Horrelako leloaren itzalean egin zuten Arantzazura erromesaldia. Munilla gotzainak gidatu zituen eliztarrak santutegiraino. Amurizari entzuna diot, apaiz zela berak ikasi eta predikatutako ebanjeliotik urrun dagoela Intxaurrondoko teologoa; bederen kristaua eta euskalduna izatetik. Poz iturri emankorra ebanjelizatu nahi du nonbait; nik badaezpada ,ez dut Radio Maria sintonizatuko edota ez dut Diario Palentinon zintzilkatzen dituen artikuluak irakurriko. Izan bedi kontzilio egokienaren alde.

Erromesaldian ez zen giza katerik ikusi, ez zen Castells delakorik eraiki, ez zen balizarik aurkitu; baina zapatilaren batek izango zuen Arnedorekin zerikusia Halere, erramu bedeinkatuen mesedetan,ez ditugu ate guztientzako maratilak bilatuko, ez da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude