Finaleko gogoetak etxera bidean

Momentuko emozioak atzean utzi eta etxera bueltan nentorrela puntu hauek hartu nituen gogoan azpimarratzeko 2013ko finalaren gainean:

  1. Zeremonia. Ez dago munduan erlijiorik bere kideei horrelako esfortzua eskatzen dienik: sarrera majo ordaindu, egun osoa jarleku gogor batean eman, zortzi kantari ez oso onak entzuten, inongo musika laguntzarik gabe… Hori ez bada hitzaren magia!
  2. Maila ona. Distira tarteak ez ziren agian asko izan, baina zortzi bertsolariek bota zituzten bertso onak, eta txarrik inork ez. Ohitu egin gara baina harrigarria da ‘Egoerak beste aldean jarri zaitu’ entzun eta derrepente historia oso bat -eta errimatua- sortzeko kapaz izatea.
  3. Irekitasuna. Nabarmena izan zen aro politiko berriaren eragina, bai jarritako gaietan eta bai bertsolarien erantzunetan. Sarriegik kartzelakoan arrisku handia hartuta aipatu zuen ‘hil nuen gizonaren alargunaren mina’ eta txalo zaparrada jaso; Unaik ere ‘min guztiak’ onartu beharra aldarrikatu zuen, eta txalo handia; eta Igorrek txinpartaz azaldu zuen ‘lehen aldarrikatzen, orain agintari’ egoera. Pozgarria da irekitasuna, ze bere baitan kabitzen dira orain arteko diskurtso guztiak eta baita berriak ere.
  4. Galtzailerik ez. Zenbaitek ez du ulertzen bertsolarien eta bertsozaleen artean dagoen anaitasun moduko hori, eta itxurakeria dela ere esan izan du norbaitek. Baina nik uste dut benetakoa dela. Atzo txapeldunaren izena esateko momentuan, Amets esan eta sekulako burrunba entzun zen. Baina ziur nago Maialen esan izan balute burrunba berdina egingo genuela pertsona berberak.

Eta gauza guztien gainetik, euskara. Ez dago neurri horretako komunitaterik euskararekin hain konprometitua. Asko zor dio euskararen normalizazioak bertsolaritzari.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Finaleko gogoetak etxera bidean bidalketan

  1. Pingback: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene artikuluak (X) - Garaigoikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude