Euskaraz zergatik?

Goiena, 2014.01.31

Motibazioa aztertzeko jardunaldia izango da (zuk irakurri orduko izan da) asteon Durangon Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. Izen emateak gainezka egin du, gaiak pizten duen interesaren seinale. Zergatik egiten du (edo ez du egiten) norbaitek euskaraz?

Kontua konplexua da eta horretaz orain jabetu gara. Uste izan dugu jakitea aski zela,  edo falta zena derrigortasunak lortuko zuela; baina denborarekin ohartu gara horiek guztiak eta gehiago behar direla hizkuntza ohiturak aldatzeko. Finean, motibazioaren mekanismoak ezagutu behar direla ondo.

Eta horretarako galdetzea onena. Esanguratsua Xabier Erize soziolinguistak bere txostenari eman dion izenburua: ‘Nire motiboak ditut euskararen eta erdararen inguruan egiten dudana egiteko, galdetuko dizkidazue eta kontuan hartuko dituzue?

Sarri jokatu izan dugu normalizazioa soilik kontu kolektiboa bailitzan, soziologiaren esparrukoa, baina azkenean banakoaren baitan egiten da hizkuntza hautua, eta sikologiak erakusten du hori nola gertatzen den eta nola eragin daitekeen. Sikologiak eta enpatiak, ez dago galdetzea bezalakorik pertsonen zergatiak ezagutzeko. Xabierren bidetik.

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude