Ilusioa, puxika eta lokarria

argia

Argia, 2014.05.25

Euskal hiztunok baditugu gure ajeak, baina beste hainbat estrukturalak dira, iraunkorrak. Euskara hizkuntza txikia da inguratzen dutenen ondoan, eta inertziak kontra ditu ia beti. Etengabeko indar horri aurre egiteko beharrezkoa dugu hizkuntzarekiko grina, hizkuntza komunitatea eraldatzeko gogoa berdinatsunera bidean.

 

Baina, grina indartzearekin batera, komeni zaigu euskaltzaleok normalizazioa irudikatzea arnas luzeko prozesu baten modura, itolarririk gabe eta bizipozez hartu beharrekoa, gabezietatik ardura elikatuko diguna eta lorpenetatik, ilusioa. Ez da erreferentzia txarra Karmelo Ayestaren ‘Goza daiteke gehiago’ liburua.

 

Ilusioa pizteko ahaleginean, ordea, badira bi arrisku sahiestu beharrekoak: konformismoa eta ameskeria.

 

Konformismoak amets egiteari uko egiten dio eta egingarri ikusten denaren mugak azpimarratzen ditu aldiro. Baina euskararen historiak argi erakusten du zenbateraino izan den eraginkorra muga horien gainetik begirada luzatzea eta haragoko ametsen bila joatea. Esaterako, bertako erakundeak sortu eta administrazio zati asko heredatu zirenean, hainbat kasutan handira egin zen apustu eta erakundeak euskalduntzeko planak ezarri ziren. Eskerrak! Konformismoak ez zukeen ekarriko gaur egun zenbait administraziotan dugun egoera ona –kontrasteak, administrazioan bertan- eta gauza bera esan daiteke ikastolez, komunikabideez, euskara elkarteez eta abarrez.

 

Bere aldetik, ameskeriak berehala bete nahi du ametsa, uko eginda egingarritasuna eta erritmoak aztertzeari. Azken hamarkadetan ameskeriaren adibide ugari ikusi ditugu, eta esango nuke hainbat ingurutan sumatzen den frustrazio puntua ere ameskeriak eragindakoa dela, ilargia eskuratu ez izanaren zaputzak. Frustrazioa sahiesteko, beharrezkoa da ametsari forma zehatza ematea eta, ahal bada, zenbakitan jartzea; eta gero ametsera daraman bidea marraztea: epeak eta erritmoak, ibilbidea eta tarteko helmugak, funtzioak eta eragileak, baliabideak eta antolamendua… Horrela bakarrik kudeatu daiteke ondo bilakaera.

 

Ametsa behar dugu eta doikuntza, airez betetako puxika ameslaria eta lurrari ongi itsatsitako lokarria. Puxikak lokarria jarriko du eguzkiari begira, eta lokarriak puxikari eutsiko dio, haizeak eraman ez dezan. Amets doitua behar dugu: begirada luzaraziko eta handira jokaraziko digun ametsa; eta amestutakoa lortzea eta lortutakoaz gozatzea ahalbidetuko digun doikuntza.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude